XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esan beharrik ez dago irakasleak beti lagundu behar diola haurrari ulertzen ez dituen hitzen esanahia agertzen eta antonimo egokia topatu ezin duenean topatzen.

Guzti hau, noski, haurrak behar dituen ahaleginak egin ondoren.

- Interesgune ezberdinetan egokia da baita ere gai bakoitzari dagokion hiztegia lantzea.

Hizkuntza 2 liburuan zenbait gairi buruzko hiztegia zerrendatan aurkituko duzu, zeuk egoki derizkiozun eran lantzeko.

Beste batzutan modu dinamiko eta intuitiboz ematen da atzizkiak landuz (ikusi gerriko, soineko..., 55. orrialdean) edo psikomotrizitatea eta gorputz-jarrera ezberdinak proposatuz (ikusi etzanda, pikotxean..., 55. orrialdean).

- Ikasturtearen erditik aurrera Gelako Hiztegitxoa landu daiteke.

Irakurgaietan, ikasgaietan etab. agertzen diren hitz berri edo ezezagunak (haurrentzat, noski) idatziko ditugu hiztegi honetan alfabeto ordena errespetatuz eta hitzen esanahia ahal den egokien ipiniz.

Ikusi Hizkuntza 2-2. atala, 57. orrialdean.

Helburua ez da definizio zientifikoak ematea, haurrek hitzen esanahia ulertzea eta hiztegiaren zegatiaz jabetzea baino.

Morfosintaxia Aho-hizkuntzan ere hizkuntza korrekto eta osatu bat erabiltzen irakatsiko diogu haurrari.

Etxetik lekarzkeen hutsuneak, akatsak, murriztasuna zuzendu, osatu eta aberastu egingo diogu, baina etxeko hizkuntza inoiz ere gutxietsi gabe.

Hizkuntza 2 liburuan sintaxia, egiturak, aditza, esamolde jatorrak, deklinabidea, atzizkiak, hitz eratorriak, hau da, edukin gramatikalak, beti ezkutuan, jolas bezala, kontestu baten barruan landuko ditugu, era praktiko batez, ahoz landuz bereziki eta abstrakzioetan sartu gabe, baina ongi programaturik.

Goragoko mailatan badute abstrakziorako denbora.

Orain praktikan erabiltzen ikasi behar dute, belarritik intuizioz eta entzumenez jasotzen eta ahoz errepikatzen eta erabiltzen.

Aho-hizkuntzako atal hauek lantzeko, hizkuntza herriaren izpirituaz kutsatzeko eta edergintzarako sena haurrei itsasteko zenbait baliapide herrikoi eta aberats erabiltzea ere oso gomendagarria da: olerkia, bertsoa, abestia, esaera zaharrak, hitz-jokuak, aho-korapiloak, txisteak, antzerkia, txontxongiloa...

Herriaren altxorretik jasotako osagarri hauek denak hizkuntzari joritasun jator bat ematen diote.

Irakurketa Hasiera Zikloko beste helburu nagusitariko bat dugu hau ere: irakurketaren trebatzea.

Ziklo honen bukaerarako haurrak irakurketaren mekanika menperatu behar du, hau da, irakurketa gauzak egoki ikasi ahal izateko tresna bilakatu behar zaio haurrari.

Honela bakarrik planteatuta badirudi ez genituzkeela lortuko lor genitzakeen etekin guztiak.

Irakurketa haurrarentzat gauza gustagarri eta atsegin bihurtzea lortzen badugu, bide erdia ia egina daukagula esan genezake.

Irakurgai aspergarri eta elkorrak ematen badizkiogu, berriz, haurrak ez du interesik sentituko, gogorik gabe arituko da lanean eta aurreratzen duen bidea dezakeena baino askoz ere motzagoa izango da.

Horregatik interesgarria da irakurketarako zaletasuna sortzea eta horretarako haurrari gustatzen zaizkion irakurgai egokiak bilatzen saiatzea.